Santa Ageda

Egun berezi hau Europako Herri zaharron egutegian otsaileko ilargi berriaren sasoia dugu, eta euskaldunon ohitura zaharrean aratustea deritzon sasoi sakratu eta magikoaren hasiera ospatzen zen. Egun honek inauterien hasiera adierazten zuen bai gure herrian eta bai beste herri batzuetan. Eliza katolikoaren egutegian, aldiz, Santa Ageda bezpera eguna zen hau, otsailaren 4a, eta horregatik kultu eguna bihurtu zuten, ospakizun hori kristau egiteko asmoz. Historia sakratuak dioenari begiratuz gero, Santa Ageda Trajanus Decius enperadorearen denboretan Siziliako Katanian sortu zen mundura, 249 edo 250. urtean. Aldi horretan, lurraldeko praetor zen Quintianusek emaztetzat hartu nahi izan zuen, antza, neska ederra eta argia zelako. Baina berarekin ezkontzeko kristautasunari uko egin behar zion. Santa Agedak ez zuen fedea uzterik onartu eta hori zela eta, Quintianus agintariak zigorraldi gogor baten ostean hil egin zuen. VI. mendetik aurrera santa honek ikaragarrizko indarra hartu zuen Afrikako iparraldeko kristauen artean eta beranduago mediterraneoaren inguruko herri guztietara zabaldu zen indar hau. Bere zigorretariko bat bularrak ebakitzea izan zenez, herri- tradizioan bularreko gaitzen eta, orokorrean, emakumezkoen gaitzen babesle gisa agertzen da gehien bat. Horrez gain, Euskal Herrian badauka santa honek beste ezaugarri aipagarri bat: herriko gazteriarekin lotura handia duen begiralea dugu. Santa Ageda bezperako ospakizunetan mutil gazteak ibiltzen ziren batez ere errondan, etxerik etxe koplak kantatuz. Aparteko kontua izaten zuten halakoetan neska gazteei kanturik ederrenak egiteko.

Santa Ageda 2015

Santa Ageda Bezpera eguna

Arratia aldera jo genuen Santa Ageda antzina egiten zen modua adineko pertsona batzuengandik ikasteko asmoz: Zeberion Joakintxu Gotiren eskutik, doinuak eta janzkerari buruzko lehenengo datuak jaso ostean, Zeanurin, Maria Artetxe eta bere semearengandik bertsoak batu genituen: Santa Agedaren funtzio soziala argi erakusten duten “notak” batez ere, etxekoei zuzendutako agurrak hain zuzen; Julian Beobide eta Modesto Artetxek ere lan honetan lagundu gintuzten. Horrez gain, Bizkaiko Ikastolen Elkarteko lagun batzuk Markinaldean batutako datuak gehituz, gaur ikusten duzuena lortu genuen, hau da, XX.mende hasieran Bizkaian Santa Ageda ospatzeko modu zaharra: Bizkaiko ohitura zaharreko Santa Ageda-erronda edo oles-kanta; inauterietan legez lorez eta kolorez apaindutako janzkeraz; makilen kolpe erritmikoaren bitartez Lurra esnatu eta udaberria erakartzeko erritual magiko beteaz.

Ohiturari jarraituz, herriko gizonezkoek abestiak kantatzen zituzten auzo eta kaleetatik, Santuaren eta etxekoen ohorez (funtzio soziala). Iluntzean hasten ziren kantak eta bide batez kuestazioa (jakiak edota diru apur bat eskatu eta batzea) egiten zuten etxerik etxe, amaitzerakoan gorputzak berotu eta indarberritzeko. Gaur egun, ohitura honek bizirik dirau hainbat lekutan eta gu ere lan horretan saiatzen gara. Eskertzekoak izaten dira hainbat etxetan jartzen dituzten janari eta edariak eta, nola ez, ematen diguten diru apurra.

IMG_0043

Musikariak Bezpera egunean

Beste aldetik, Andra Mari dantza taldeak, aspaldi, Altsasun egin zituen harremanen bidez jakin zuen han Santa Ageda bezperan neskak ateratzen zirela kantatzera. Gerora, Jose Maria Satrustegiren lanetan eta euskal kantutegietan ere hau islatzen zela ikusita, berriro ere Altsasuko jendeari galdetu eta ohitura hori taldean jasotzea erabaki genuen. Altsasuko Amaia Oiarbide eta Patxi Goikoetxearen laguntzaz berreskuratu izan da. Satrustegi bere liburuan Santa Agedako ohiturei buruz ari denean, beste kontu askoren artean, guk ezagutzen dugun Amaia Oiarbide ere aipatzen du.
Santa Ageda bezperan, kanpaiak jotzen zituztenean, mutilak soroz soro, labore lurretatik ibiltzen ziren suziekin soroak purifikatzeko eta neskak kaleetatik edo etxerik ibiltzen ziren Santa Ageda kantatzen eta eskean. Neska gazteak izaten ziren, hortaz, Santa Ageda kantatzen zutenak.