Archivos de Categoría: Inauteriak

IMG_5882bEuskal Herriko hainbat inauteri tradizional mantendu eta herritarrei ezagutarazteko ideia mantenduz, aspaldi Altsasuko inauteriak ere egitea erabaki genuen eta horrela egin izan dugu urtero. Inauteri hau oso ikusgarria eta arkaikoa izateaz gain, Euskal Herrian nahiko ezezaguna da (behintzat bere forma zaharrean).

Ohitura zaharrari zegokionez, 1916. urtean egin zen Altsasun azken inauterien errepresentazioa. Gure taldeak, 1976. urtean (60 urte geroago), altsasuarrek oroitzen zuten haritik berreskuratu zuen. 1981-1982. urteetan Altsasura gonbidatu gintuzten berreskuratutako inauteri hori bertan erakutsiz, gaztediaren kontzientziak zirikatuko genituelakoan. Eta horrela izan zen: arrez gero, Altsasuko gaztediak bere inauteria berpiztu egin du eta urtero ospatzen dute kaleetan barrena.

Baina ez da hildakoa berpizteak eman dezakeen harrotasuna honetara bultzatu gintuena. Altsasuko hau, Europako inauteririk zahar eta arkaikoenetariko bat denez, bere esanahia herritarrei erakustea izan zen gure helbururik garrantzitsuenetariko bat.

 Inauteri honetako pertsonaia garrantzitsuenetarikoak hauek dira:

IMG_5893

Emankortasunaren Komitiba eta Momotxorroak

Momotxorroak

Behi-gorriaren irudikapen totemikoa eta behi-gorriaren bitartez Mari jainkosarekiko aipamen magikoa ikerle batzuen esanetan. Oso arkaikoa da haien irudia eta esanahia, eta nahiko luzea izango litzateke pertsonaia hau sakonean aztertzea. Labur esateko: kaosaren irudi berbera da. Hamabi bat mutil izaten dira, buruetan adarrak dituen otzara bana daramatelarik; aurpegiak estalita, eskuak eta arropak odolez zikinduta eta eskuan sarda handi bat eramaten dute. Saltoka eta zarataka ibiltzen dira ikusleak erasotzen, beldurtzen eta zitalkeriak egiten.

 Emankortasuna eta Bizitzaren Komitiba

 -Idi bikotea eta goldea: gero ereina izango den lurra zabaltzen dutenak. Idi bi, idizaina eta idizainaren laguntzailea den mutikoak osatzen dute.

 -Erailea: gariaren emankortasuna lurraren sabelean ereiten duena.

-Aza-erailea: aurrekoaren modukoa. Aza-eraileak laguntzaile petral bi daramatza batzuetan. Pertsonaia hauek lan egiten dute baina alferkeriaren eta baldarkeriaren satira txiki bat ere egiten dute: aterki apurtuarekin, jendea urez bustiz, lan apur bat egin ostean ardoa edaten geldituz,…

 -Bataioa: emankortasunaren fruitua da, hau da, jaio berria edota bizitza. Hemen bikote bat ikusi dezakegu, besoetan seme jaioberria duelarik eta ingurukoei gozokiak botatzen. Inauteri giroaren barruan, umea jende aurrean erakusten dutenean ur txorrotada bat botatzen diote aurpegira.

Maskarak edo konparsak

 -Ziripotak: Giza itxurako baina aurpegirik gabeko arimak dira, Hildakoen gorpuetan liberatu ezinik geratu diren arimak, Neguan lurraren sabelean iraun duen hartzak ilargirantz liberatuko ditu arima hauek. Euskal Herriko ia inauteri guztietan ditugu. Pertsonai hauek sagi lodi baten antza daukate eta sarritan lurrera jausten dira danon barregurarako.

 -Atsoa eta gaztea: atsoa, joandako urtaroa, andrea, emankorra; gaztea, datorren urtaroa, gizona, emankortasunaren eragilea. Amaitzen den urtaroak datorren berria dakar bere lepo gainean. Kasu honetan panpina bitxi bat egin dugu, pertsona bakarra izanda bi direla emanez.

IMG_5888

Hartza eta Ijitoak

 -Hartza eta ijitoak: hartza Europako inauteri guztietako pertsonaia ezinbestekoa izan da; gaur egun batzuetan galduta dago, baina datu pila bat daude bere esanahiari buruz. Labur esateko, natura berberaren irudia da; neguan "hilda" dago eta udaberriarekin batera itzartu egiten da. Gainera gizakiaren antzekoa da eta honek falta duen indarra dauka. Ijitoak, gure mendebaldar pentsaera honetan, ekialdetik datoz:

Hungariatik, Errumaniatik, etab. Gure kasuan, hauek Errumaniatik datoz, Transilvaniako oihanetako hartza Euskal Herrira ekartzen etorri dira eta errumaniar eta euskal musika eta dantzak egiten dituzte (sarritan nahastuta, ijitoei iruditzen zaien modura). Egia esan, taldeko musikariak elegante egoten dira ijitoz mozorrotuta eta haiekin "hartza" eta domadore bat daramate. Emakumezko eta gizonezko ijito batzuk musikarekin batera dantzan ibiltzen dira eta jendeari bai haien eta bai hartzaren ikuskizunagatik dirua eskatzen saiatzen dira.

-Deabrua: “txarraren” sinboloa izanik petralkeriak egiten, lurretik botata zikinkeriak egiten,…ibiltzen da. Baina pertsonaia hau barregarria da eta momotxorroek berari egiten dizkiete petralkeriak.

 -Apaiza eta haurdun alargunak: apaizak, “onaren” sinboloa izan behar duen honek, moral elizkoi bikoitza predikatzen du bidetik zehar, berarekin batera, berak haurdun utzi dituen alargun mordoa daramatza.

Pertsonaia guzti hauek antzezpenetan argi ikusten den legez, adierazten duten metafora guztiek daukate bere alde satirikoa, aldrebesekoa,….; azken baten, inauterien oinarrizkoa den kaosa edo eguneroko arauen apurketa: mundua hankaz gora jartzen du.

 


Facebooktwittergoogle_pluspinterestmail

  DSC01653 1988. urtean, zaragi-dantzaren jai giro jatorrak kutsatuta, Andra Mariko neskek herriko kaleetan inauteri dantzaren batekin parte hartu nahi zutela sentitu zuten. Euskal Herrian dagoen inauteri dantzen aberastasuna ikusita, zein hartu aukeratzeko orduan, ikasteko erraza eta ikusgarria izatea, eta leku batetik bestera festa egitea ahalbideratzea jarri zituzten betebeharreko baldintza bezala (modu horretan, dantza taldeko neskez gain, dantzariak ez ziren beste lagunek ere parte hartu zezaketen, jai giroa nabarmenki aberastuz).

Azkenean, Baztanen kontserbatu izan den sagar-dantza plazaratzea erabaki zuten. Alabaina, garai bateko Baztango espazio publikoak (Europakoak bezala) gizonei zegozkien esparruak ziren, batik bat jai eta ospakizun egunetan. Arrazoi horregatik, sagar-dantza dantzatzea mutilei zegokien eta beraz, bere alde estetikoa gizonezkoena dala ikus daiteke: praka eta alkandora zuriak, gerriko gorria eta koloretako zintaz beteriko ttuntturroa.

Gaur egun, ordea, kaleak genero bereizketatik aske daude eta inauteriaren espirituaz mela-mela eginda, aurpegietan biboteak, bizarrak eta gizonezkoei zegozkien apaindura guztiak margotu eta aipatutako arropak jantzita, kalera irteten dira taldeko neskak sagar-dantza antzeztera. Geroztik, sagar-dantza dantzatzen, txistuaren musikaren laguntzaz Galdakaoko kaleetatik abesten eta, noizean behin, tabernaren baten eztarria freskatzen ibiltzen dira.


Facebooktwittergoogle_pluspinterestmail

IMG_5854aEuskal Herriko hainbat herritan ospatzen ziren inauteri tradizionalak Galdakaon ere ezagutaraztea oso interesgarria zela ikusirik, Goizuetako zaragi dantza antzeztea erabaki genuen: Mairu eta kristauena deitzen den dantzetariko bat legez interpretatzen da; Mairua (zaragiduna) bizitzako alde txarraren irudikapena litzateke eta horregatik dantzariek (gizarteak) jo egiten dute, gizartean gertatutako gaitz guztien erruduna delako. Bere garaian, arropak prestatu, sagiak erosi, eta abar egiteko moldatu ginen eta gure herriko kaleetatik antzezpena egitea lortu genuen. Goizuetako inauteriak hurrengoan datza:

 Hamabi edo hamalau mutil gazte kalerik kale ibiltzen dira, zuriz jantzita eta koloretako zintaz horniturik elkarrekin ondo bazkaldu ostean, urretz makilez armaturik irteten dira kalera. Haietako bik zagi bat daramate lepoan lotuta, urdin ilunez jantzita doaz, eta bai eskuak bai aurpegia beltzez margotuta daukate, bufoien antzera. Bi hauek mutiko eta neskatilen atzetik ibiltzen dira saltoka eta korrika, haien aurpegi zikinarekin besteen aurpegiak beltzez margotzeko asmoz; beste dantzariak, bitartean, makilekin zagiak astintzen dituzte. Soinulari edo eta trikitilariren bat joaten da haiekin eta tarteka "zagi-dantza" edo “zaragi-dantza” antzezten dute.


Facebooktwittergoogle_pluspinterestmail