Baztango Sagar-Dantza

  DSC01653 1988. urtean, zaragi-dantzaren jai giro jatorrak kutsatuta, Andra Mariko neskek herriko kaleetan inauteri dantzaren batekin parte hartu nahi zutela sentitu zuten. Euskal Herrian dagoen inauteri dantzen aberastasuna ikusita, zein hartu aukeratzeko orduan, ikasteko erraza eta ikusgarria izatea, eta leku batetik bestera festa egitea ahalbideratzea jarri zituzten betebeharreko baldintza bezala (modu horretan, dantza taldeko neskez gain, dantzariak ez ziren beste lagunek ere parte hartu zezaketen, jai giroa nabarmenki aberastuz).

Azkenean, Baztanen kontserbatu izan den sagar-dantza plazaratzea erabaki zuten. Alabaina, garai bateko Baztango espazio publikoak (Europakoak bezala) gizonei zegozkien esparruak ziren, batik bat jai eta ospakizun egunetan. Arrazoi horregatik, sagar-dantza dantzatzea mutilei zegokien eta beraz, bere alde estetikoa gizonezkoena dala ikus daiteke: praka eta alkandora zuriak, gerriko gorria eta koloretako zintaz beteriko ttuntturroa.

Gaur egun, ordea, kaleak genero bereizketatik aske daude eta inauteriaren espirituaz mela-mela eginda, aurpegietan biboteak, bizarrak eta gizonezkoei zegozkien apaindura guztiak margotu eta aipatutako arropak jantzita, kalera irteten dira taldeko neskak sagar-dantza antzeztera. Geroztik, sagar-dantza dantzatzen, txistuaren musikaren laguntzaz Galdakaoko kaleetatik abesten eta, noizean behin, tabernaren baten eztarria freskatzen ibiltzen dira.

Los comentarios están cerrados.