“FOLKLORE BIZIAN” JAIALDIAK 28 URTE BETE DITU

"Folklore Bizian" Jaialdiaren 28. edizioa garagarrilaren 22tik 27ra bitartean ospatuko dogu eta bertara Boliviako "Manuel Acosta" Ballet Folklorikoa eta Dominikar Errepublikako "Sangre Mulata" Talde Folkloriko Nazionala etorriko dira.

Dantza taldeok ikusi nahi izanez gero ondoko egunetan eta lekuetan egongo dira:
- Garagarrilaren 22an Galdakaon
- Garagarrilaren 23an Galdakaon
- Garagarrilaren 24ean Arrigorriagan
- Garagarrilaren 25ean Usansolon
- Garagarrilaren 26ean Gernikan
- Garagarrilaren 27an Sopelanan

Hemen talde bakoitzari buruzko informazino apur bat:

"MANUEL ACOSTA" BALLET FOLKLORIKOA - BOLIVIA -

Aimara indiarren herrialdea eta Inken inperioko probintzia, Pizarroren konkistaren ondorioz espainiar kolonia bilakatu zen 1825ean independentzia lortu arte.
Bolivia oihan, sumendi, gatzezko basamortu eta elurrezko lurralde harrigarria da. Su eta ur-gazteluz osatutako lurra da, indiarrek altuera handian lurra lantzen jakin izan duten lurra, gizon zuriak munduko trenbiderik aldapatsuenak egin zituen lurra.
Eskualde nahaste hori herri honen jatorri desberdinak direla eta handitzen da: Aimara eta Inken ondorengoez gain, mestizoak eta espainiar konkistatzaileen ondorengoak ere badaude bertan. Misiolariek kristautu arren, Andeetako indiarrak beraien sinesmen sakonetako errituak kultu katolikoan barneratzeko gai izan dira eta beraien independentzia grina adierazten dute. Adibidez, Boliviako herri batzuetan Korpus Kristi ospakizunerako gizonak kondor-lumez apaintzen dira indar mistikoa beraienganatuz. Indiar komunitateetan, beste adibide bat aipatzearren, Ama Lurra den “Pachamama” izaki biziduna dela uste da eta opariak egitea komeni da bere laguntza lortzeko.
Musika-kultura aldetik armadilo oskola musika tresna bihurtu zen eta txirulak orduz kanpo joaz danborrak indarrez jotzen dira. Sentimental, lotsati edo aldarrikapenezkoak, abestiek pertsonen kronika egiten dute eta geroari forma ematen ahalegintzen dira. Dantzek ikuskizun bikoitza eskaintzen dute: Espainiarrek utzitako fede katolikoan bizi diren pertsonen bizi baldintza gogorrak islatzen dituen bortizkeria alde batetik eta poesiak egoerarik makurrenetan ere biziraun dezakeela adierazten duen gozotasuna bestetik. Argi dago maitasuna ongizate iturri dela Boliviako dantzari eta musikarientzat.
Azkenik “diablada”k gaua musikaz betetzen jarraituko du.
Hemen errege txori baten hegoek eramandako herria.
Hemen haizearen eta eguzkiaren semeak.
Hemen “Manuel ACOSTA” ballet folklorikoa.

“SANGRE MULATA” TALDE FOKLORIKO NAZIONALA - DOMINIKAR ERREPUBLIKA-

1998an Benedicto Angelesek sortutako ballet honetan irlako dantzari eta musikari onenak daude. Taldearen asmo nagusia Dominikar Errepublikako erro afro karibearrak aurkitu eta ezagutzera ematea da.
Española uhartea Haitirekin erdibanatzen du Errepublika Dominikarrak eta bertan sumendi-lurraldea Karibe itsas-bazterreko hondartza luzeekin nahasten da. Aspaldi espainiar kolonia izan zen, frantziarren aurretik, eta amerikarrek okupatu eta gero ere espainiarren influentzia da zonaldeko nabariena afrikarrenaren gainetik. Errealitate honek herri kulturaren eta herritarren ohituretan du eragina bertako musika eta dantzak berezi eginez, gertu dagoen Kuban gertatzen den moduan.
Irlako paisaia zoragarriek ballet honen ikuskizuna inspiratzen dute. Musika sentsualitate eta sedukzioz beterik dago. Jantziek espainiar garaia dakargute gogora bere enkaje eta zuritasunagatik. Frantziarrek ere beraien astarna utzi zuten XVIII. mendeko azukre landatzaile dirudunek ekarritako aretoko dantzetan. Azken hauen aberastasunak piratak ere erakartzen zituen irlara, lapurrontzat uharteko aberastasuna lasaigarri baitzen.
Tokiko dantza “merenge”a da, baina taldeak plazaratutako dantzak ugariagoak dira irlaren erlijio anitzek eraginda (kristautasuna afrikarren kultuekin, vudua tarteko, batera bizi da). Hori dela eta, txori edo kaimanak irudikatzen dituzten maskarak, inauteriak eta kultura afrikarren eragindako misterioa erruz aurki ditzakegu.
Dominikar Errepublikan arnasten den bezala dantzatzen da, lasterka ibili gabe, lasai, airearen gozotasuna ez ahazteko, ikuskizunean balletak ikusleekin partekatzen duen paisaien edertasuna eta poztasunaz gozatzeko. Orkestak ere hartzen du parte opor, kresal eta harea finezko hondartzen zaporea duen lilura honetan.
Balletak bere nortasuna Amerikar kontinentearen eta Ozeano Atlantikoaren eta Ekuatore eta tropikoaren arteko erlazio pasionalari zor dio. Afrikar jatorria gogorarazten du, bere erritmoa eta bere odolak osatzen duena, odol mestizoa, odol mulatoa, “sangre mulata” .


Facebooktwittergoogle_pluspinterestmail

Los comentarios están cerrados.